AURKEZPENA

 

 

 

Gure zaharrei sarri entzun deutsegu “Lagatzuak berba egiten jakingo baleu, zenbat gauza esango leukez!”. Esakune horrek argi adierazoten dau gizaldirik gizaldi sutondoa izan dala makina bat kontu, barriketa, ipuin eta bertso ahotan erabili daneko lekua. Berba egiten jakingo baleu beraz, ez genduke berba gitxi ikasiko beragandik. Norberaren egiazko izakerea non azaltzen dan adierazoteko be, era honetara esaten dogu: “Lagatzuak ezagutzen dau nor zelakoa dan”; izan be, geure bizimodua, ohiturak eta izakerea inork ezagutzen baditu, haxe da lagatzua. Hori guztia jakinik, etxeko lagatzuaren ondora ekarri dogu Iñaki eta, gure eskaria ontzat hartu ondoren, liburu honetan ezarri ditu berton entzundakoak.

 

 

Gure alkartearen asmoa euskerearen erabilerea bizkortzea da. Halan be, zeregin honetan ez dogu gura etenik egon dadin gure zaharren euskerearen eta geurearen artean, bata bestearen jarraipena izatea gura dogu. Bestera esateko, hemengo euskerearen aberastasuna ez daukagu saltzeko.

 

 

Bestalde, azkenaldion sarri aitatzen da euskalki guztien ekarriagaz hornidu behar dala danon euskerea, batasuna euskalkien ondasunez jantzi behar dala. Liburu honek, hatan be, agirian izten dau Txorierriko euskereak badaukana zer emon.

 

 

Gure euskera alkarteari Lagatzu (laratz) izena iminikeran hori guztia eduki genduan gogoan, hau da, geure berbakuneari, geure izakereari, azken baten geure kultureari eutsi gurea. Liburu hau gurari horren ondorioa da. Gure berbakunearen ezaugarriak topatuko dozuz berton, baina aldi berean, berbai erantsita, kultura bat, pentsamolde bat, bizimodu bat agertuko jatzu begi aurrera.

 

 

Urte batzuetatik hona aldakuntza handiak ezagutu ditu gure herriak eta urte gitxi batzuetako gorabeherea izan leiteke oraindino bizirik dagozan berba, esakune, kanta eta beste kontu jakingarri asko betiko galtzea. Hortaz, beharrezkoa da horreek guztiok lehenbailehen batzea. Sail hori sarritan jorratutakoa dogu Iñaki eta beragana jo genduan. Berari eskerrak emon beharrean gagoz, beraz, Zamudioko etxeetan grabaketak egiten emoneko hainbeste ordugaitik, baita berton batutako materialagaz liburu hau atontzeagaitik be. Gure esker ona erakusteko orduan ezin doguz ahaztuta itzi Iñakiri herriko euskeraren barri emoteko prest agertu diran zamudioztar guztiak. Azkenik esan beharra dago liburu hau Zamudioko Udalaren, Labairuren eta BBKren laguntasunari esker atera dala argitara.

 

 

Lagatzuak geroago eta gitxiago ikusten dira gure sueteetan. Euskerea be urri entzuten da kalean. Horregaitik, gure euskera elkarteak gura leuke liburu honek balio izango baleu gure herriko lagatzuen inguruan beti entzun dan euskereak lehen baizen sendo jarraitu daian.

 

 

 

LAGATZU Zamudioko Euskera Alkartea